XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ziur nago kapitalaren eskaria zentzu batean zorrotz mugatuta dagoela; alegia, ez litzatekeela bere eraginkortasun marjinala oso maila txikira jaitsi arte kapital-stocka gehitzea zaila izango. Honekin ez litzateke ulertu behar kapital-tresnen erabilerak ia ezer kostako ez litzatekeenik, baizik eta bere errendimenduak higadura eta zaharkitzeagatiko ahitzea pixka batean besterik ez lukeela estali beharko, arriskua eta trebetasun nahiz adimenaren jarduna estaltzeko marjina gehituta.

Labur esan, ondasun iraunkorren errendimendu osoak, epe laburrekoen antzera, beren bizi osoan zehar ekoizpenaren lan-kostuak eta arriskua eta trebetasun nahiz ikuskaritzarako kostuetarako marjina estaliko lituzke.

Baina, egoera hau indibidualismo-maila batekin guztiz bat etorriko balitz ere, errentatzailearen eutanasia izango litzateke, eta, ondorioz, kapitalistaren zanpaketa-botere pilatuarena, kapitalaren urritasun-balioa ustiatzeko. Gaur egun, interesak ez du inolako jatorrizko sakrifiziorik saritzen, eta lurraren errentak ere ez.

Kapitalaren jabeak interesa eskura dezake kapitala urria delako, lurraren jabeak errenta jasotzen badu, lurraren hornikuntza mugatua izatearen ondoriozkoa den bezalaxe; baina, lurra urri izateko arrazoi intrintsekoak egon badaitezke ere, kapitalarekin ez da gauza bera gertatzen.

Muga horretarako arrazoi intrintseko bat, interes moduko sari-eskaintzak baino sorraraz ez lezakeen jatorrizko sakrifizioaren zentzuan, kontsumitzeko joera indibiduala mota batekoa izanik, luzera eta enplegu beteko egoeran, aurrezki netoa kapitala nahikoa ugaria izatera heldu baino lehen bukatuko litzatekeenean besterik ez litzateke egongo.

Baina, orduan ere, gerta liteke estatuaren eskuhartzearen bidez aurrezki kolektiboa kapitalaren hazkundea eskasa izateari uzteko aukera emango lukeen mailan mantendu ahal izatea.

Beraz, kapitalismoaren errenta-alderdia, bere helburua bete bezain laster desagertuko den fase iragankorraren gisa ikusten dut, eta errenta-alderdi hori desagertzearekin batera, bere barne dauden beste hainbat gauzak goitik beherako aldaketa jasango dute.